XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Soziologoek erabiliriko prozedurek badakartzate aldean, gainera, bereziki diziplina honi dagozkion balore batzuk. Balore horietako bat da, axola arretatsua eskaintzea beste zientzialari batzuentzat arruntak eta azterketa zientifikoa merezi izateko duin ez diren gaiei ere.

Batzuetan kasik esan liteke fokatze modu demokratikoa duela hurbilketa soziologikoak: gizakiak diren eta egiten duten guztia, ez du inporta zein arrunta izan daitekeen, garrantzitsua izan daiteke azterketa soziologikoa egiteko. Beste balore horietako bat, besteei entzun egiteko beharrizanarekin loturikoa da, hots, norberaren iritziak eta usteak tartean sartu gabe entzuteari dagokiona.

Entzun egiteko artea, isilik eta arreta handienaz, soziologo guztiak bereganatu behar duen gauza bat da, baldin eta ikerketa enpirikotan sartu behar badu. Sarritan ikerteknika besterik ez den horren inportantzia exageratu gabe, halako jokaera batean bada potentzialki bederen giza esangura bat, batez ere gure egungo berba-aro artega honetan, zeinetan kasik inork ere ez duen betarik topatzen buru-belarri entzuten egoteko.

Hirugarrenik eta azkenik, bada beste giza balore berezi bat soziologoaren zereginean, hots: egiten dituen aurkikuntzak bere aurreiritzi, atsegin-nazkak, eta esperantza-beldurrak kontuan hartu gabe ebaluatzeko erantzunkizuna, psikologikoki hartarako gai den bestean behintzat.

Erantzunkizun hau ez da bakarrik soziologoarena, jakina: beste zientzialariek ere badute beste horrenbestekoa. Baina bereziki erabili-zaila da giza grinak hain hurbiletik ukitzen dituen diziplina batean. Agerikoa da helburu hori ez dela beti erdiesten, baina ahaleginean berean badago esangura moral bat ez gutxiesteko modukoa.

Hori bereziki deigarria egiten zaigu konparatzen direnean honako bi zer hauek: batetik, soziologoak munduari entzuteko duen kezka, eta hori berehalaxe hasi gabe bere ustez zer den ongi eta zer gaizki oihuka, eta bestetik, diziplina normatiboen prozedurak, hala nola teologia edo jurisprudentzia, zeinetan etengabean aurkitzen garen behartuak errealitatea sartzera norberaren balore-iritzien marko estuan.

Hauen aldean, pertzeptzio garbi eta bereiziaren bilaketa cartesiarraren oinordeko zuzeneko ageri zaigu soziologia.

Soziologiaren ekinbide zientifikoari berez datxezkon giza balore horietaz gainera, diziplina honek baditu beste ezaugarri batzuk giza zientzietatik hurbil-hurbilean jartzen dutenak, ez badute behintzat adierazten bete-betean haien zati dela.

Aurreko kapituluetan ahaleginak egin ditugu ezaugarri horiek esplikatzeko, denak ere bildu daitezkeenak esanez soziologiak duen kezka, azken batean, giza zientzia guztien gai nagusia den huraxe bera dela: giza kondizioa, gizakitasuna bera.

Hain zuzen ere alderdi soziala zirt edo zartekoa baita gizakiaren bizian, soziologia behin eta berriro iristen da galdera berera: zer esan nahi duen gizaki izateak, eta zer esan nahi duen egoera jakin batean gizaki izateak.

Sarritan ikerketa zientifikoaren tresneriak galdera hori estali egin dezake, eta baita soziologiak bere status zientifikoa legitimatu nahian garatu edo landu duen hiztegi odolbakoak ere.